Elkarteak

 
  • Helbidea: Bitaño auzoa, 1 
  • Jarduera: Kultur elkateak
  • Telefonoa:  
  • Faxa:  
  • Harremanetarako:  
  • Webgunea:  

Mendigain Dantza Taldea 

Izurtzako dantza-taldeak ez du beti Mendigain izena eduki, ez dakigu zehatz-mehatz nortzuk izan ziren sortzaileak, baina XIX mendean Izurtza izenpean dantzatzen zuten guztiek euren arrastoa, euren dantzak eta euren bandera utzi zuten, Izurtzako dantzarien oinordetza bezala.

Gaur egun, XXI mendean iraganera salto egin nahi dugu bandera horren garrantzia inork ez ahazteko.

Jatorrizko bandera 1859koa da. Sasoi hartan , Izurtzan jende asko bizi zen, eta kofradia bakoitzak bere zortzikoa zeukan. Herriko jaien eguna hurbiltzen zenean, kofradia bakoitzak udalarentzako dantza egitea zen ohitura, eta urte osoan ekitaldi ofizialetan dantza egingo zuen taldea aukeratzen zen.

Lehenengo dantzarien bandera gerra garaian desagertu zen udaletik, eta gure dantzariak bandera nazionala lagunduta dantzatzen hasi behar izan zuten.

Sasoi latzak izan ziren , diktadurapean bizi ziren eta dantzariek ezarritakoa bete behar zuten.

Adierazpen askatasunaren gabezia horrek eragina izan zuen haiengan eta dantzarekiko ilusioa galdu zuten . udalak beste herri batzuetako dantzariak kontratatu behar izan zituen Izurtzako jaiak alaitzeko, eta euren dantza-taldeko

Banderarekin dantzatzeko baimena ematen zien.

Urteak aurrera joan ahala, inguruko herri guztietako dantzariek euren dantza-taldeko banderarekin dantza egiten zuten, eta horrek animoak eman zizkien Izurtzako gazteei.

1962an dantzari talde berri bat sortu zen, auzo guztietako gazteek osatuta.

Baina Izurtzako bandera desagertuta zegoen oraindik, eta Iurreta eta berrizkoen banderarekin dantzatzen zuten.

1966ra arte, gure dantzariek igande eta jaiegunetan entseatzen zuten, Erdoitzako Andra Mariren ermitako arkupean. Ondoren, parrokoarekin tratua egin eta obra egin zuten san Nicolás elizako dorrean entseatu ahal izateko.

Ez zeukaten beti txistularirik, eta batzutan ahapetik kantatuz entseatu behar izaten zuten, baina euren burua Guerediaga ermitan ikusteak pozten zituen , han biltzen baitziren Durangaldeko dantza-talde guztiak.

1967an, Izurtzako dantzari gazteek Mendigain izena jarri nahi izan zioten dantza taldeari, eta euren bandera propia egin.

Baina ez zuten diseinu berririk nahi, gerran dasagertu zenaren berdina izan behar zuen, ehun urte lehenengo euren arbasoek erabili zutena.

Ia dantzari guztiak gerra ostekoak ziren eta inork ez zuen jatorrizko bandera ezagutu ; beraz, Izurtzako pertsona nagusiengana jo behar izan zuten bandera egiteko.

Diktadura erregimena puripurian zegoen . Gazteak konturatu ziren dantzari zaharrak errepesalien beldur zirela, erregimenak txarto ikusi ahal zuen bandera batekin harremana edukitzeagatik .

Hala ere, Ramon Areitio laguntza emateko prest azaldu zen.

Horren laguntzari esker, bandera zuri, urdin, more eta gorria diseinatu ahal izan zuten.

Gazteek oso diru gutxi zeukaten, eta guztien artean elkartu zutenarekin, oihal zati merkeak erosi eta Bilboko moja batzuengana eraman zituzten jostera.

Egun hura oso berezia izan zen Izurtzako jende askorentzat, berezko sinbolo bat berreskuratu zuten, bandera euren artean zegoen berriro ere, eta ez zuten inoiz gehiago bandera nazionalarekin dantzatu behar izango.

Ia Izurtzar guztiak zeuden ilusioz, ez dantzariak bakarrik. Ohial zati hark garai zoriontsuagoak gogoratzen zizkien nagusiei, eta gainerakoentzat adierazpen askatasunaren irudia zen bandera hura.

Juan Luis Azkarraga dantzaria izan zen bandera-eramailea. Zuri-gorri jantzita zihoan, Izurtzako dantzariak beti joan diren bezala, eta harrotasunez eraman zuen bandera elizara.

Meza ostean, dantzariak elizpean bildu ziren eta herritarrak banderari argazkiak ateratzen hasi ziren. Orduan, algoazila heldu zen eta bandera eliza barruan gordetzeko agindua eman zuen. Dantzatzekotan , bandera nazionala soilik erabil zezaketen...

Bai dantzariak, bai herritarrak, udalbatzari oldartu zitzaizkion . herri guztiek erabiltzen zuten berezko bandera, eta haiek ere eskubide bera aldarrikatzen zuten. Jendeak indarrez egin zuen aurka, eta dantzariek ez zuten giroa gehiegi berotzerik nahi, beraz, bandera eliza barruan uztea erabaki zuten, baina jaietan dantzatuko ez zutela adierazi zuten.

Izurtzako banderarekin baino ez zuten dantzatuko.

Bazirudien gauzak bere onera zetozela, baina bertsolariak irten eta dena hankaz gora jarri zen berriro. Abel Muniategi, Xabier Amuniza eta Abel Enbeita aritu ziren, eta udalaren kontrako bertsoak bota zituzten, dantzarien defentsan eta bandera propioa erabiltzeko eskubidearen alde.

Algoazilak nerbioak galdu zituen eta makila baten bidez mikrofonoak desmuntatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.

Bertsolariak ez ziren isildu eta inoizko txalozaparradarik handiena jaso zuten.

Egun hartan ez zuten dantzatu, ez zuten bandera estreinatu, baina jaiek aurrera egin zuten...

Jendea berotuta zegoen, baina dantzariak harro hartutako erabakiagatik eta herritarren-gandik jasotako animoengatik.

Guardia zibilak Santa Águeda egunekoa jakin zuen eta ordutik adi zebilen. Arazoa bistatik ez galtzea erabaki zuen.